XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKARA LANTZEN

LOPATEGIREN ERRESTUA

Lizasoren amaiera:

Zure ondotik igarotzen da
herriko lapur haundina.

Lopategik:

Sentimentutan gizaki hori
ibili daiteke herren
bere kontrako jarrera hori
jarri didazu nabarmen;
nirekin ongi portatzen baita
lapur haundia izan arren,
eta ez diot inoiz galdetzen
jana nondikan dakarren.

Bertso hau Lopategirena da.

Kasu honetan data ere emateko moduan gara eta eman egingo dugu: 1991ko irailaren 15ean, Beasainen.

Egun horretan, bere hirurogeitabostgarren urtebetetzea zela eta, Lazkao Txikiri omenaldia egin zitzaion.

Bertsolari-andana eta bertsozalea ugari inguratu zen.

Saioan zehar, batean, S. Lizaso eta Lopategiri elkarrekin ihardun erazi zien gaijartzaileak.

Lopategi, aberatsaren etxe-atariak zaintzen zituen zakurra genuen.

S. Lizaso, aldiz, zer zaindurik ez zuen zakur deslaia.

Lopategi Bizkaiko Muxikan jaio zen 1934. urtean.

Juan Lopategui Lauzurica, garaiko agirien arabera.

Urte batzuk Tolosako sakramentinoetan egin ostean, herrira itzuli eta han, Balendin Enbeitaren eskolan, hasi zen bertsotan.

Ofizinista, beajante eta bertso-eskolako maisu izan dira bere ogibideak.

Magisteritza egina du.

Frankismoaren garaiko azken urteetan oso famatu egin zen.

Azpillagarekin tandema osatuz, bertso protesta dei genezakeenaren testigua berak erabili bait zuen Euskal Herri osoan barrena, batetik bestera.

Euskal Herriko bertsolari txapelketa gehienetan finalista izan ondoren, azkenekoan berak atera zuen txapela.

Egungo txapeldunaren bertsoa dugu hau, beraz.

ARGUMENTUA: aitortzen du agian ez dela zuzena izango bere nagusia, baina hor konpon lagunaren iritzia; ez dio axola nagusia zer den eta jana nondik dakarkion.

Berarekin ongi portatzen da eta bale!

Lau partetan zatituko nuke nik bertso hau.

Puntu bakoitzeko parte bat da.

Eta bakoitzak bere ideia adierazten du.

Bertsorik gehienak bezala, zortziko handian dago.

Oso errima aberatsak darabiltza, batere atzizkirik gabeak.

Kategoria gramatikalei begiraturik ere aberatsa da.

Horretaz, ordez, azterketa linguistikoa egiterakoan mintzatuko gara oparoago.

Errekurtso literario bezala, estrainako puntuan darabilen metafora aipatuko nuke lehenik: ...sentimentutan ibili daiteke HERREN.

Pertsonifikazioa ere badago, baina papera, bertsolaritzan sarritan ohi denez, eman egiten zaie.

Ironia da bertso honek duen azpimarragarriena: ...eta ez diot inoiz galdetzen jana nondikan dakarren.

Errimen aberastasuna aipatu dugu lehen.

Sakon dezagun apur bat, gramatikaren inguruan: HERREN, NABARMEN, ARREN, DAKARREN.

Lau puntu eta laurak kategoria gramatikal ezberdinekoak.

HERREN: adjetiboa atributu-funtzioan, osagarria predikatiboa.

Bera, NOR kasuan (mugagabean).

NABARMEN: Sintagma adberbiala edo adjetiboa adberbio bihurturik, aditz-predikatua.

ARREN: Perpaus kontsesiboak karakterizatzen dituen partikuletako bat.

DAKARREN: Aditza, zehargaldera osagarri zuzen funtzioan.

Baina benetan sintaxi bihurria eta konplexua eta, aldi berean, oso zuzena azkeneko puntuek osatzen dutena da: NIREKIN ONDO PORTATZEN BAITA LAPUR HAUNDIA IZAN ARREN ETA EZ DIOT INOIZ GALDETZEN JANA NONDIKAN DAKARREN.

HERREN.- Cojo.

ANDANA.- Saila, taldea.

ALDIZ.- Ostera, berriz.

DESLAI.- Askea. Libre, suelto.

OSTEAN.- Ondoan, ondoren.

NAGUSI.- Jabea.

OPARO.- Joria. Abundante.

ESTRAINEKO.- Lehendabizikoa.

BENETAN.- Zinetan, egiatan.